2008/06/18

Inoren Ero Ni: GRONHÖLM

"Luxua edo oparia? Letxez, luxuzko oparia! Bost abestiko LP txiki + CD batekin etorri baita oraingoan Andoaingo Inoren Ero Ni familia. Diskoa ez da sorpresa bat, hardcorea aurkituko baitugu bertan. Hori bai, hardcorea bere osotasunean, munstroak dira-eta horretan andoaindarrak. Abestiaren intentsitatea kontrolatzen ongi moldatzen direla garbi erakutsi digute beste behin ere, kantuen tempoarekin jolastea atsegin dutela. Eta horretarako ahotsik bada, hori Okene Obregorena da, nahiz eta elkarrizketa batean irakurri diodan bere anaia Mikel dela erritmoekin jolasten dena, abestien eztanda egilea.

Xabier Montoiaren hitzak dituen Silikona abestiak, gezur hutsa den plastikozko gizarte honi kritika egiten dio, post-hardcore abesti eredugarrian. Bestetik, españolez kantatzen duten Tarantella abestia, tabakoaren keak behe-lainoa sortu eta whiskya arnasa hartzeaz bat dastatzen den taberna ilun horietan kantatzeko aproposa dela deritzot. Kuriosoa abestiaren hasieran sartutako El Padrino filmeko samplerra. Aldiz, diskoa osatzen duten bost abestiak entzuteko tokirik aproposena, duda izpirik gabe, gaztetxe, areto eta bestelako zuzeneko emanaldietan da, oholtza gainean puztu egiten den taldea baita Inoren Ero Ni.

Diskoa Bidehuts zigilupean kaleratu dute eta grabaketan Okene, Mikel eta Borjarekin bat Drakek parte hartu bazuen ere, orain (...) Mariano Hurtadok (El Hombre Burbuja, Lazy Lizard) hartu du bere tokia baxua astintzen."

Ion Etxe, Entzun

Biblioteka hauek daukate Gronhölm: LP - CD

"Hazi izan" abestia entzuteko, hemen klikatu

Okene Obregori elkarrizketa

Arrasateko Udal Biblioteka